martes, 26 de julio de 2016

                            GURE BIXIGU FRESKUE
   
Azken urteotan, Euskal Herriko portuetan arrain kontsumoan oinarritutako jaiak ugaritu dira, txibia, itsaskiak, olabarroa edota antxoa eta berdela aitzakiatzat hartuta adibidez.

Arrainaren festak ospatzen ditugun aldi berean, euskaldunok atzerritik ekarritako gero eta arrain gehiago kontsumitzen ari gara. Zergatik gertatzen da hori? Alde batetik, Euskal Herriak ez duelako arrantza politika zehatzik;  bestetik, arrantzatzen den arrainaren portzentaje handi bat, “deskarte” eran hilik itsasora botatzen delako, portura iritsi aurretik. “Deskarte” hauek, jaten ez ditugun arrainez osatuta (pelenka, putxanoa…), itsasontziak harrapatutako arrain guztiaren %50 izatera iristen dira sarri. Hemen inguruko arraina bota eta Ozeano ezberdinetan arrantzaturiko espezieak jaten ari gara, nondik datozen jakin ere egin gabe. Eta gainera, arrain arrotz horien festak antolatzen ditugu.

     Aurreko asteburuan,  bixiguaren inguruko festa antolatu berri da Orion. Bixigu hori, kanpotik ekarri dute, Azores, Marruekos edota Gibraltardik adibidez. 1980ko hamarkadara arte, oso arrain preziatua izan zen bixigua euskal kostaldean. 1980.urtean adibidez, Hondarribian 367.328 kilo eta Bermeon 372.000 kilo porturatu ziren. Baina hamarkadaren erdialdetik aurrera, arrantzatutako bixiguaren kopurua jaisten hasi zen, eta poliki poliki, desagertzen joan da. Egun, ale gutxi batzuk besterik ez dira arrantzatzen. Besteak beste, arte depredatzaileen erabilpenagatik eta etorkizuneko arrantzaz kezkatu beharrean epe motzera begira aritzeagatik desagertu da bixigua euskal kostaldetik.

   Egoera tamalgarri honi erantzuteko administrazioari neurri zehatzak har ditzala irmoki eskatzen diogu. Gure arrantzaguneetan bixigua eta gainontzeko arrainak berreskuratzeko arrantza iraunkorra eta jasangarria  suspertu dezan, arte depredatzaile industrialak 12 milatik kanpora atera ditzan eta 12 milatik barrura berriro ere tresna artesanalak  bakarrik erabili daitezen. Hemengo espezieak berreskuratuta, gure elikadura bertoko arrainaren kontsumoan oinarritzeko aukera izango dugu. Bestela, gai izango al gara gainontzeko espezien etorkizuna bermatzeko? Legatzarena, zapoarena edota oilarrarena, adibidez?

     Agintariei aitzakiak jartzeko epea bukatu zaie! Guk, Ondarroa 12 mila elkarte bezala Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu txosten zientifikoetan oinarrituz arrantza politika berri bat defenda dezala eta Madrildik eskumenak bereganatu ditzala. Arrantza politika berria beharrezkoa da, bioaniztasuna bermatu eta galtzorian dauden espezien errekuperazio planak aurrera ateraz.

ONDARROA 12 MILIA



No hay comentarios:

Publicar un comentario